Ahalduntze ariketa indigena bat

Hamabi komunitate linguistikotako ordezkariak Euskal Herrian izan dira egunotan. Esperientziak, kezkak eta gogoetak partekatu dituzte, eta euren hizkuntzak biziz berritzeko tresna egokiez jabetu dira.

«Hizkuntza da gure identitatea; hizkuntzarik gabe, ez gara ezer»
Lisbeth Florez (Kitxua hizkuntza, Cusco, Peru)

Lisbeth Florez. JON URBE / FOKU

Kitxua hizkuntzak Peruko mendialdean du indarra, Lisbeth Florez irakasleak azaldu duenez. Cusco inguruan dago Florezen komunitatea; 12.000 lagun inguru direla dio, eta horietatik 10.000 lagunek kitxua dutela lehen hizkuntza. 

Kitxuaren batasunarekin dituzte arazoak. «Izan Cusco, izan Puno... departamentuen arteko borroka bat daukagu zeinen kitxua hitz egin edo gailendu behar ote den erabakitzeko. Formakuntza honetan [Garabide elkarteak antolatuta hizkuntza gutxituak biziberritzeko Hibil ikastaldia], Boliviako, Ekuadorko eta Peruko kitxuak gaude, baina oso ongi ulertzen dugu elkar. Sekulakoa da perutarren artean borrokan aritzea edo bizilagunekin borrokan aritzea, egin badezakegu herrialde handi eta bikain bat kitxuan oinarrituta».

Izan ere, gauza bat argi dauka Florezek: «Hizkuntza da gure identitatea, gure sustraiak transmititzen dituena; hizkuntzarik gabe, ez gara ezer. Eta horrelako ekinbideek ahaldundu egiten gaituzte: ahaldundu egiten gaituzte pertsona gisa, kitxua hiztun gisa, eta ezberdin gisa».

«Horrelakoen bidez konturatzen gara baldintzak norberak ere sor ditzakeela»
Marcia Mandepora  (Guaraniera, Bolivia)

Marcia Mandepora. JON URBE / FOKU

Bolivian 36 hizkuntza hitz egiten direla azaldu du Marcia Mandeporak, eta guztiak direla ofizialak eta estatuak errekonozituak. Guaraniera du hizkuntza: «70.000 laguneko komunitatea gara, eta %49 dira guaraniera hiztunak. Gazteleraren eraginez, hainbat komunitatetan guaraniera hitz egiteari utzi diote, eta arazo nagusia transmisioarekin daukagu».

Transmisioa hobetzea da kezketako bat, baina gehiago ere aipatu ditu Mandeporak: hizkuntza duintzea, kontzientziazioa eta sentsibilizazioa, erabilerari garrantzia ematea, eta espazio ezberdinetara iristea. «Inportantea da guaraniera hiztunek eurek garrantzi horren kontzientzia izatea: familiako espazioaz gain, beste espazio batzuk irabazi behar dituela hizkuntzak, batez ere hezkuntzaren alorrean, maila gorenean».

«Familiako espazioaz gain, beste espazio batzuk irabazi behar ditu hizkuntzak, batez ere hezkuntzaren alorrean, maila gorenean».

Eta ikusten ditu horretarako «baldintza politikoak» ere. «Jabetzen gara prozesu oso luze bat dela hau, lehenengo eta behin komunitatea delako inplikatu behar dena eta erabakiak hartu behar dituena».

Mandeporak dio Garabideren ikastaldiak hainbat gauzaz «ohartzeko» balio izan diela: «Hizkuntza erabiltzeko eta hizkuntza berreskuratzeko espazioak eta baldintzak norberak sor ditzakeela. Eta baldintza horiek asmatu egin behar direla, eta sortu daitezkeela».

«Arazoa gu geu gara, eta geure jarrera: gutxietsi egiten dugu geure hizkuntza»
Asya Zayzaoui (Amazigera, Rif, Maroko)

Asya Zayzaoui. JON URBE / FOKU

Nador hirian (Maroko) bizi da Asya Zayzaoui. «Masterreko ikaslea naiz, eta itzultzaile juridikoa. Rifeko amazig komunitateko kidea», aurkeztu du bere burua, harro. Azaldu du «ia gehienek» hitz egiten dutela eskualde hartan amazigeraz, baina hizkuntza «duintzea» dutela lehentasuna: «Frantsesak, gaztelerak eta ingelesak prestigio handiagoa dute, gurasoek seme-alabei hizkuntza horietan hitz eginarazten diete, eta hori oso arazo larria da».

Zayzaouik nabarmendu du beren eskualdean hizkuntzarekin duten aferan arazoa ez dela estatua, eta ez dela politika: «Arazoa geu gara, eta geure jarrera. Gutxietsi egiten dugu geure hizkuntza propioa».

Ari dira lanean helduen alfabetatzean, eta hizkuntzaren transmisioan. Amazig filologiako karrera eta masterra sortu zituzten iaz Nadorko Unibertsitatean, eta egunkari bat ere badute online

«Euskal Herrian egiten ari garen egonaldi honek esnarazi egin gaitu»
Carlos Eduardo Ruda  (Nasa hizkuntza, Cauca, Kolonbia)

Carlos Eduardo Ruda. JON URBE / FOKU

Ez dira egun gozoak Kolonbiako Cauca departamentuko komunitate indigenentzat. Miller Correa buruzagiaren hilketaren berri jakin den egun berean ari da hizketan Carlos Eduardo Ruda: «Nire komunitateko indigena nasek identifikatu dute; gure herriaren ordezkaria zen, eta erail egin dute».  Departamentu horretan hil duten seigarren buruzagi soziala da —FARCeko disidenteen kontrolpean dago eremu hori—.

«520 urte daramatzagu borrokan. Bakea agindu ziguten, baina ez da iristen, eta egoera berriro okerrera ari da egiten».

«520 urte daramatzagu borrokan. Bakea agindu ziguten, baina ez da iristen, eta egoera berriro okerrera ari da egiten: gatazka soziala, gatazka armatua... hainbat arrazoi direla medio, gure kultura eta gure komunitatea ez daude harmonian».

Nasa herriari buruz ari da Ruda. Cauca departamentuko zenbait lurraldetan dago barreiatua, eta iparraldean dago haren komunitatea, Toribio udalerrian. Biztanleen %96 dira han nasa, baina %24k hitz egiten dute nasa hizkuntzaz. «Indarberritzea» dute lehentasuna, «transmisioan» dituzten arazoak gainditzea, eta komunitate guztiaren «lana eta inplikazioa» lortzea.

Jatorrizko artikuluak