Energia, dirua, teknologia... besteen esku

  • 788 hitz

Ukrainako gerrak agerian utzi du nolako ahulezia dakarren energiaren eta lehengaien esparruetan besteren mendeko izateak. Bada, beste arlo batzuetan ere antzekoa da egoera, nahiz eta badauden tokian tokiko burujabetza sustatzeko egitasmoak ere.

Herritar asko erabat harrituta geratu dira egunotan argindarraren edo gasaren faktura iritsi zaienean: aparteko kontsumorik egin ez arren, bikoiztu edo hirukoiztu egin zaie ordaindu beharrekoa. «Merkatua erabat desitxuratuta dago», esan du Jokin Castaños Goiener kooperatibako kideak. Bi arrazoi aipatu ditu: batetik, Ukrainako «aitzakia», datozen hilabeteetan ere prezioetan egonkortasun falta eragin dezakeena; bestetik, eta nagusiki, iazko ekainean Espainiako Estatuko argindarraren handizkako merkatuko joko arauak aldatu izana. Aldaketa horren ondorioz, mugitu egin zuten megawatt-orduaren gehienezko prezioaren sabaia: 180,6 eurotik 3.000 eurora.

Espainiako Estatuan megawatt-orduaren gehienezko prezioaren sabaia mugitu egin zuten iaz: 180,6 eurotik 3.000 eurora.

Merkatu marjinalista denez, azken ekoizleak jartzen du prezioa. Energia nuklearra beti martxan egoten da, baina eguzki, ur eta haize energia naturaren mende daude. Horrek eragina du ekoizpenean, iturri horien bidez lortutako argindarra nahikoa ez bada —merkeenak horiek dira— gas natural bidezko ekoizpenera jo behar izaten delako. «Ez du zentzurik, baina eguneko prezioa azkenak jartzen du, eta normalean gasa izaten da azkena. Orduan, ekoizle handiek jartzen dute prezioa, eta 180 euroko sabaia kendu zutenez…».

Askok eskatzen dute gasa argindarraren prezioaren kalkulutik bereizteko, prezioa merkatzea ekarriko bailuke horrek. «Orain gasa erre duen ekoizle horrek zenbatean zeukan erosita? 50-100 euroan? Instalazioak, bidesariak, langileak eta abar ordaindu behar dira, baina horrek ez du esan nahi 700era igotzeko eskubide morala duzunik; baina merkatuak uzten dizunez…».

Energiaren kontrola berreskuratzeko eta haren garrantziaz jabetzeko sortu zuten Goiener, 2012an. Burujabetza energetikoa dute helburu, baina gaur egun ez dute ekoizten bazkide guztien beharrak asetzeko adina. Horregatik, merkatu elektrikoan erosten dute energia berriztagarria. «Gurekin edo beste merkaturatzaile batekin egon, prezioa denontzat dago garesti». 

«Gurekin edo beste merkaturatzaile batekin egon, prezioa denontzat dago garesti». 

Jokin Castaños (Goiener kooperatiba)

Energia burujabetzarako bidean, besteak beste, ekoizle txikiengana jo eta horiekin zuzeneko erosketa adosteko ahaleginetan ari da kooperatiba. Horrez gain, udalerrietan energia berriztagarrien komunitateak bultzatzen ari da. «Kontsumoan, eraginkorrak izan behar dugu, eta, ahal dela, gure energia guk ekoitzi».

Dirua nori eman erabakitzeko aukera

Garraiolari errusiar batzuei gertatutakoa kontatu du Alex Lopez Ekhilur kooperatibako kideak. Ukrainako gerraren harira, Visa konpainiak erabaki du Errusiako kontuetara lotuta dauden txartel guztiak blokeatzea. Europan zebiltzan garraiolari horietako batzuk, dirua izan arren ordainketa sistema blokeatu zitzaienez, ordaindu beharrekoa ordaindu ezinda geratu ziren. «Edonoiz bestelako interesengatik Visa txartelak kenduz gero, tokiko ekonomian ere ez ditugu ordainketa alternatiba asko, eta daudenak ere enpresa pribatuen esku egoten dira normalean».

Ordainketa sistema propioa sortu du Ekhilurrek, eta, Gipuzkoan, Hernanin dago martxan. «Guztiz legala da, eta planteatzen dugu sare hori gure kontrolpean jarri eta guk erabakitako arauen bidez funtzionatzea; beste era batera esanda, ordainketa sistema kontrolatuz, hor barruan ibiliko den dirua kontrolatzea». Ekhiak esaten zaie Ekhilur sarean dabiltzan euroei, beste ordainketa sistemetatik bereizteko. 

«Guztiz legala da [ordainketa sistema propioa], eta planteatzen dugu sare hori gure kontrolpean jarri eta guk erabakitako arauen bidez funtzionatzea».

Alex Lopez (Ekhilur kooperatiba)

Kontrol horri esker, adibidez, Lopezek azaldu du zer partaide onartu eta zein ez erabaki dezaketela. Herritarrei ez ezik, merkatari txikiei, autonomoei eta enpresa ertain eta txikiei bakarrik utziko diete sartzen Ekhilurren. «Horrekin lortzen duguna da tokiko ekonomiaren zati bat babestea merkatari, autonomo eta herritarrentzat, zirkuitu ekonomiko propioa indartzea».

Datuak emateak eragiten ez duelakoan

«Energia kanpotik ekartzen dugu; industriako lehengaiak ere, kanpotik; elikagaiak bertan baditugu, baina horietako asko ere kanpotik datoz… Lepotik gorakoa bakarrik geratzen zaigu, eta txapela jartzeko bakarrik erabili behar badugu, gaizki goaz», esan du Joseba Makazaga EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta UEUko kideak. Uste du gaitasun teknologikoa, berez, badagoela hemen; baina nabarmendu du gaitasuna edukitzea ez dela aski. «Hori garatzeko jarri beharreko dirua jartzeko prest gaude?». Argi du erantzuna: «Orain agintean daudenek ez dute ezertxo ere egiten teknologiaren burujabetzaren inguruan».

«Orain agintean daudenek ez dute ezertxo ere egiten teknologiaren burujabetzaren inguruan».

Joseba Makazaga (EHUko Informatika Fakultateko irakaslea eta UEUko kidea)

«Arriskutsuak»  iruditzen zaizkio azkenaldian hartu dituzten erabaki asko. «Ikusten dugu zer ari den gertatzen energiarekin, eta hori ere aurretik hartutako erabaki batzuen ondorio da». Hezkuntzaren arloan ikusten dituen hamaika adibide aipatu ditu; esate baterako, eskolek Windows erabiltzeagatik urtero dirutza ordaintzea, edo ikasle guztiei Gmail kontuak egitea. «Jaurlaritzaren mendeko eskola publikoak umeen datuak ematen ari dira Googleri. Eta hori auzitan jartzen baduzu, paranoiko hutsa zarela esaten dizute».

Badaki hasieran kostu eta lan handiagoa eska dezakeela teknologian inbertitzeak. «Baina luzera begira, lanpostuak sortzen dira, enpresek hemen ordaintzen dituzte zergak… Googlek ez du hemengo ezer finantzatzen». Inguruan gertatu zitzaion beste kasu bat ere kontatu du Makazagak. «Asko haserretu ninduen, adibidez, Jaurlaritzak kanpoko enpresa bati agindu izanak itzultzaile automatikoa egitea. Donostian bertan ditugu Ixa taldekoak, EHUko Informatika Fakultatean, eta munduan erreferenteak dira arlo horretan. Eta kanpokoei esan behar diegu egiteko?».

Uste du norberak ere hausnartu behar duela gaiaren inguruan. Telefonoan kokalekua aktibatua izatea izan daiteke adibide sinple bat: «‘Berdin zait, ez dit eragiten’, pentsatzen dugu. Baina denda batetik atera, eta mezua iristen zaigu galdetuz zer moduzko zerbitzua eman diguten. Eta guk erantzun. Mendeko ari gara bihurtzen, eta geuk erabakita».

Jatorrizko artikuluak