Esne Bidearen 'bihotz' beltza

  • 404 hitz

Sagittarius A* Esne Bidearen erdiguneko zulo beltzaren lehen irudia aurkeztu dute. Erraldoia da: lau milioi Eguzkiren parekoa, eta 44 milioi kilometroko diametrokoa. Lurretik 27.000 argi urtera dago. 

Ez da teleskopio bakar batek ateratako irudia, baizik munduko zortzi erradioteleskopioko sare batek lortutako datuekin osatutakoa.

Esne Bidea galaxiak badu bihotza: zulo bat da, zulo beltza, eta, orain, haren itxura ezaguna da. Erroskilla baten modukoa da: erdigunea beltza, eta ingurua argitsua. Irudien arabera, zuloaren ingurua su kolorekoa da, baina tonu laranja, hori eta gorri-horiak jatorrizko zuri-beltzeko irudiari gehitutakoak dira. 

Berez, zulo beltza ezin da ikusi, guztiz iluna baita —argia ere irentsi egiten du—, baina haren egituraren eta itxuraren berri ematen du inguruko gas distiratsuak. Zulo beltzaren inguruan orbitatzen duen gasa da zuloaren inguruan ikusten den erroskilla. Zulo beltzak deformatu egiten du hara hurbiltzen den argia, haren grabitate indartsuagatik.

Zientzialariek ikusten zuten zulo beltzaren inguruko izarrek gauza trinko eta handi baten inguruan orbitatzen zutela, ibilbide eliptikoak eginez, baina orbita horien erdigunea ikusezina zen haientzat. Orain baieztatu dute Esne Bidearen erdiko elementu hori zulo beltz bat dela. Uste dute, gainera, galaxia gehienen erdian dagoela zulo beltz bat.

Zientzialariek uste dute galaxia gehienen erdian dagoela zulo beltz bat.

Esne Bidearen erdiko zulo beltzak Sagittarius A* du izena (Sgr A*). Eta erraldoia da: lau milioi Eguzkiren parekoa, eta 44 milioi kilometroko diametrokoa. Lurretik 27.000 argi urte ingurura dago. Alegia, Lurretik jasotako datuek 27.000 argi urte behar izan dituzte Sagittarius A*-tik Lurrera iristeko. Datu horiek eta datuekin osatu den irudiak erakusten dute nolakoa zen Sagittarius A* duela 27.000 argi urte. Zehazki, Lurreko teleskopioek jasotzen dutena zulo beltzaren inguruan orbitatzen duten partikulen erradiazioa da, zulo beltzak partikula horiek irentsi aurretik.

Lurreko teleskopioek jasotzen dutena zulo beltzaren inguruan orbitatzen duten partikulen erradiazioa da, zulo beltzak partikula horiek irentsi aurretik.
Munduko zientzialariak elkarlanean

EHT Gertakizunen Ortzimuga Teleskopioa taldeak osatu du Sagittarius A* zulo beltzaren irudia. Taldean egindako lanaren emaitza da: munduko 80 ikerketa institututako 300 ikertzailek parte hartu dute. Ez da teleskopio bakar batek ateratako irudia, munduko zortzi erradioteleskopioko sare batek lortutako datuekin osatutakoa baizik. Zortzi erradioteleskopioen ahalmenak batu, eta teleskopio birtual bat sortu zuten, nolabait esateko. 

Zortzi erradioteleskopioen ahalmenak batu, eta teleskopio birtual bat sortu zuten.

2017ko apirilaren 4tik 14ra, hainbat gautan behatu zuten Sagittar ius A*, eta datuak eta irudiak pilatu zituzten. Izugarri: teleskopio baten behaketa segundo batean, 30 GB inguru pilatu daitezke. Aurtengo martxoan beste behaketa kanpaina bat egin zuten, eta 2017koan baino teleskopio gehiagok parte hartu zuten.

Ez da zulo beltz baten lehen irudia

Sagittarius A*-ren itxurak ez ditu harritu ikertzaileak; izan ere, aurretik lortua zuten beste zulo beltz baten irudiaren oso antzekoa da. EHTk 2019ko apirilean erakutsi zuen zulo beltz baten itxura lehen aldiz: M87* izan zen, Messier 87 galaxiaren erdiko zulo beltza.

Esne Bideak eta Messier 87 galaxiak itxura oso antzekoa dute, baina M87* Sagittarius A* halako mila da. «Bi galaxia motak guztiz ezberdinak dira, bi zulo beltzen masak oso ezberdinak dira, baina zulo beltzen ertzaren inguruak oso antzekoak dira», zehaztu zuen atzo Sera Markoffek, astrofisikari eta EHTko Zientzia Batzordeko presidenteordeak.

Zailagoa izan da Sagittarius A*-ren irudia lortzea, M87*-rena lortzea baino; Sagittarius A*-ren inguruko gasaren distira eta eredua oso azkar aldatzen ziren.

Zailagoa izan da Sagittarius A*-ren irudia lortzea, M87*-rena lortzea baino, Esne Bideko zulo beltza Lurretik gertuago badago ere. Bi zulo beltzen inguruko gasa abiadura berean mugitzen da, ia argiaren abiaduran. Baina M87*-n, gasak egunak eta asteak behar ditu zulo beltza inguratzeko; Sagittarius A*-n, berriz, minutuak. Ondorioz, Sagittarius A*-ren inguruko gasaren distira eta eredua oso azkar aldatzen ziren, EHTko ikertzaileek behatzen zuten bitartean. Zailtasuna hobeto ulertzeko, alderaketa bat egin zuen Chi-kwan Chan ikertzaileak: «Bere isatsari segika ari den txakurrari argazki garbi bat ateratzen saiatzea bezala izan da».

Zulo beltzez gehiago jakiteko baliagarria

«Harritu egin gintuen ikusteak eraztunaren neurria zein ondo datorren bat [Albert] Einsteinen erlatibitatearen teoriarekin», azaldu zuen atzoko aurkezpenean Geoffrey Bower EHT proiektuko zientzialariak. «Behaketa hauekin askoz ere hobeto ulertzen dugu zer gertatzen den gure galaxiaren erdigunean, eta gehiago dakigu zulo beltz erraldoi horiek nola aritzen diren interakzioan beren inguruarekin».

Sagittarius A* ohiko zulo beltza da, «isila eta jardueragabea».

Zulo beltzen inguruko elementuek, gehiegi gerturatuz gero, ezin dute haren grabitate indartsutik ihes egin, eta zuloak irentsi egiten ditu. Zulo beltzak espazioko Gargantua aseezinen moduan aurkeztu dira, unibertsoko izarrak, gas hodiak eta asteroideak irensten. «Sagittarius A*-n, ordea, materialaren tanta jario bat baino ez dugu ikusten zulo beltzeraino», Michael Johnson Harvardeko Unibertsitateko astrofisikariaren arabera. «Gizakiekin alderatuz gero, milioi bat urtean arroz ale bat bakarrik jatearen parekoa litzateke». Alde horretatik, Sagittarius A* ohiko zulo beltza da, «isila eta jardueragabea».

Jatorrizko artikuluak