Euskaldunak ziren 1855. urtean Buenos Airesko atzerritar komunitate nagusia

  • 238 hitz

Michael Goebel Berlingo Unibertsitate Askeko ikerlariak mapa batzuk osatu ditu, eta azaldu nongoak ziren Buenos Airesko migratzaileak. Euskal Herria zen jatorri nagusia, Galiziarekin eta Liguriarekin (Italia) batera.

Nongoak ziren, 1855eko erroldaren arabera, Buenos Airesen bizi ziren atzerritarrak? Galdera horretatik abiatuta osatu ditu mapa batzuk Michael Goebel Berlingo Unibertsitate Askeko irakasleak. Eta hau izan da erantzuna: hirian bizi ziren migratzaile gehienak euskal herritarrak ziren, galiziarrekin eta liguriarrekin batera. Euskal herritarrak, bai, eta, bereziki, Iparraldekoak eta Baztangoak.


1855. urtera arte iritsitakoak baino migratzaile gehiago iritsi ziren hurrengo hamarkadetan Argentinara, baina Goebelek azaldu du zergatik ez duen ikertu hori: geroagoko erroldarik ez dagoelako edo digitalizatu ez direlako. Dena den, azaldu du zenbaki absolutuetan askoz gehiago izan zirela hurrengo urteetako migratzaileak, nagusiki Galiziakoak eta Italia hegoaldekoak.

Buenos Airesko 1855. urteko errolda mormoiek digitalizatu zuten, eta eskuragarri dago Family Search webgunean. Bere ikasleen laguntzaz, hilabeteetan, datuak aztertu eta txukundu ditu Goebelek. Euskal herritarrak Argentinako hiriburuko zer tokitan bizi ziren ere jaso du (puntu moreak dira euskal herritarren bizilekuak, gorriak galiziarrenak eta berdeak liguriarrenak).


Migrazioaren arrazoiak

Zerk eraman zituen, ordea, garai hartako euskal herritarrak Argentinako hiriburura? Nagusiki, Frantziako Iraultzak eta Lehen Karlistaldiak. Frantziako Iraultzaren ostean, zentralismoa ezarri zen Frantzian, eta estatuak ez zituen aitortzen euskaldunen hizkuntza eta erakundeak. Jazarriak izan ziren milaka euskal herritar, eta haietako askok erbesteratzea erabaki zuten.

Frantziako Iraultzaren ostean, jazarriak izan ziren milaka euskal herritar, eta haietako askok erbesteratzea erabaki zuten.

Hegoaldean, berriz, 1833. eta 1840. urteen artean izan zen Lehen Karlistaldia, Espainiako tronuaren ondorengotzan izandako arazoek eragindako gerra zibila. Karlistak (Karlos Maria Isidroren aldekoak) nagusi ziren penintsularen iparraldean, nagusiki Euskal Herrian. Izan ere, isabeldarrak zentralismoaren alde zeuden, eta, ondorioz, foruen aurka.

Jatorrizko artikuluak