Minak hezurmamitzen

  • 1036 hitz

Indarkeriaren arrastoa, hark eragindako oinazea, bere larruan nozitu du Maria Jauregik. Errealitate hori ezagun du Irati Goikoetxeak ere, eta literaturaren bidez plazaratu ditu ETAren biktima baten saminak eta prozesuak. 

Garai eta giro bertsuan haziak eta heziak, biak mintzo dira biolentziaz, sufrimenduaz, biktimen rolaz, memoriaz eta hura belaunaldi berriei transmititzeko beharraz.

Oihanari aita hil zion ETAk, hemeretzi urte zituela. Fikziozko pertsonaia bat da Oihana, Irati Goikoetxea idazlearen Herriak ez du barkatuko nobelako protagonista, baina izan zitekeen hezur-haragizkoa. Izan zitekeen ETAren edozein biktima, edo izan zitekeen Maria Jauregi, duela 21 urte ETAk hildako Juan Mari Jauregiren alaba. 

Hitzordu hau uste oker batetik dator: Iratiren liburua Mariaren bizipenean oinarritzen dela.
GOIKOETXEA:
Gehien hurbiltzen den pasartea hau da: Huelvan, ikaskideen artean... Nik jaso nahi nuena zen: testuinguru batean, testuinguru horrek ez dakienean biktima zarela, nola hitz egiten duten biktimez edo biktimek izan beharko luketen jarreraz. Eta zu [Maria] nola senti zaitezkeen.

JAUREGI: Gertatu zitzaidan lankide batekin; atentatu bat gertatu zen, eta gosaltzera joan ginen. Esan zuen: «Putaseme hauek, haiei berdin egin beharko litzaieke». Nik esan nion ezetz, bestela haiek bezala jokatzea litzatekeela, eta berak erantzun zidan: «Hori esan senitartekoei». Esan nion: «Ez daukat esan beharrik, nire aita ETAk erail zuen eta». Barkamena eskatu zidan, eta esan nion ez zuela eskatu beharrik; bakoitzak bere pentsamendua daukala, eta sentitzen duen bezala jokatzen duela. Kanpoan zaudenean, ni Maria naiz, Maria gisa egiten dut bizimodua; ez noa nire historia kontatzen. Pertsona batekin konfiantza badut, eztabaidak horretara badarama, bai, baina bestela ez dut kontatzen.

Lau urteren eta bi herriren arteko aldea daukazue. Bera izan dituzue giro bat eta garai bat. Nola oroitzen duzue zuen gaztaroko giro politikoa?
JAUREGI: Guk kuadrillan bagenekien bakoitza nondik zihoan, eta ez dugu asko eztabaidatu; ez da gaia ateratzen. Beti errespetatu izan dugu elkar, eta ondo eraman izan dugu. Ez dut inoiz arazorik eduki.
GOIKOETXEA: Nik neuk, oso koloretsua eta ederra. Baina gaiari lotuta, oso garai itoa oroitzen dut; biolentoa, grisa. Festara joatea istiluak sortzeko arriskua zen; eta ez ulertze asko. Niri ez didate inoiz irainik zuzenean esan, baina inguruan ikusi, bai: zinegotzi mehatxatuak, bizkartzainak ez eramatea erabakitzea... Aitak, eta gero gu gure kabuz, oso txikitatik jarri gintuen Bakearen Aldeko Koordinakundearen pankartaren atzean.
JAUREGI: Gurasoekin joanda nago ni ere BAKen manifestazioetara.
GOIKOETXEA: Iltzatuta daukat gu hamar-hamabost ginela, biktimaren arabera plaza hutsago edo beteago zegoela. Hori oso gogorra egiten zitzaidan. Edo paretik pasatu, begiratu eta aurre egiten zutenak. Nik esaten nuen: «Ni hemen nago pertsona bat hil dutelako; pertsona horren inguruak ikaragarrizko sufrimendua dauka, hori oso salagarria da, eta begiratzen duenak nola ezin duen horrekin bat egin». Askatasun falta. Nola izan daitekeen herri bat askea herritar bakoitza askea ez bada. Niri oroitzapen horiek oso gogorrak egiten zaizkit.

«Maria Jauregi» sarean bilatu, eta gehien agertzen dena da: «-ren alaba». Pisatzen dizu horrek?
JAUREGI: Egia da mundu guztiak biktima gisa tratatzen zaituela; ohitu egiten zara. Niri ez zait gustatzen; beti esaten dut ni ez naizela biktima, baina jendearentzat biktimak gara. Lotsatia naiz, kosta egiten zait hitz egitea. Ez naiz sekula komunikabideetan atera; omenaldietara prentsa zetorrenean, ni ezkutatu egiten nintzen. Lagun kazetari batek [Radio Euskadiko Dani Alvarezek] denbora zeraman atzetik, «ea, Maria», eta konbentzitu ninduen. Elkarrizketa hartatik aurrera, ez dakit, barruan neukana askatu nuen.

Harrezkero, plaza publikoan leku bat hartu duzu. Nola egiten da prozesu hori?
JAUREGI: Sarri aipatu zidan elkarrizketa egiteko. Esaten nion ez nuela nahi. Halako batean, esan zidan ezin niola ezezkorik eman, Haritz Aranbururekin egongo nintzela [haren aita Eugenio Aranburuk bere buruaz beste egin zuen 1997an atxilotzera joan zitzaizkionean; HBko Mahai Nazionaleko kidea zen]. Pausoa eman nuen, eta hortik aurrera zenbait lekutatik deitzen hasi ziren.
GOIKOETXEA: Zer zegoen ezezko horren atzean?
JAUREGI: Ez dakit, inoiz ez zait gustatu publikoaren aurrean hitz egitea. Ez nion inoiz neure buruari planteatu atera beharra nuela. Libre sentitu nintzen gero.

«Inoiz ez zait gustatu publikoaren aurrean hitz egitea. Ez nion inoiz neure buruari planteatu atera beharra nuela. Libre sentitu nintzen gero».

Maria Jauregi (Juan Mari Jauregiren alaba)

Horren atzean ez al zegoen batzuek biktima guztien izenean hitz egiten dutela?
JAUREGI: Beti. Amarekin [Maixabel Lasa] askotan izan ditut elkarrizketak. Biktimen erabilpenarekin beti kokoteraino. Gogoan daukat [Jose Luis Rodriguez] Zapatero [Espainiako Gobernuko] presidente zenean PPk dinamika bera zuela, eta biktimen elkarte batzuek ere bai; ikusten da eskuinak boterea ez duenean ez duela onartzen. Bere jokatzeko modua da: iraina, gezurra eta biktimen erabilera. Biktima bakoitzak bere pentsamendua dauka; denak ezberdinak gara.

Lehen esan duzue lehen ez zela hitz egiten gaiaz. Orain, kontatzeko behar bat dago?
JAUREGI: Garrantzitsua da kontatzea zer gertatu den, huts berberak ez egiteko eta berriro ez gertatzeko. Garrantzitsua da bakoitzak bizi izan duen bezala kontatzea. Nik asko ikasten dut besteak entzuten, eta gai izan behar da besteen azalean jartzeko. Beti dago zergatik bat. Orain, indarkeriarik gabe, ETA gabe, prozesu hori errazagoa da.
GOIKOETXEA: Nik ez daukat beldurraren kontzientziarik. Ez dut presente izan 2004an, edo 2005ean, honetaz idatzi nahi nuela baina ez zela momentua. Aurretik ez da suertatu. 
Eta, bestalde, ados: oso garrantzitsua da hau guztia partekatzea, ahots ezberdinak plazaratzea. Ikusten ari da nola sortzen ari diren literatura, antzerki eta ikus-entzunezkoak, eta guztiak dira erreminta egokiak hausnarketa pertsonalerako. 

«Literatura, antzerki eta ikus-entzunezkoak... guztiak dira erreminta egokiak hausnarketa pertsonalerako».

Irati Goikoetxea (idazlea) 

Nagusiki gizonak izan dira gatazkako protagonistak, baina batez ere emakumeak ari dira memoria lan horretan. Nabari duzue aldagai hori?
GOIKOETXEA: Indarkeriak eta terrorismoak alargun asko utzi ditu, eta alargun horiek memoria bakarrik ez, sekulako transmisio lana egin dute. Emakume horiek hezi dituzte umezurtz geratu diren haurrak, eta, kasu gehienetan, oso ondo kudeatu da gorrotorik gabeko transmisio hori. Mendeku goserik gabe.
JAUREGI: Ni ez naiz kontziente lan hori egiten ari garenik. Nire ikuspuntua plazaratzen dut, uste dudalako hori dela bidea.
GOIKOETXEA: Egia da egon direla saiakerak, garai gogorretan gainera: Ahotsak. Emakume talde bat, gai zena elkartzeko. Hor ere bazeuden alderdiak, pentsatzeko moduak, baina bazegoen ahalegin bat hori gainditu eta erdigunean jartzeko jarri behar dena: sufrimendua, begirada humanoa. Emakumeak ziren.
JAUREGI: Beste egitasmo oso garrantzitsu bat Glencree izan zen. Urteak eman zituzten lanean, eta, erabat sendo zegoenean, emaitza bat lortu zutenean plazaratu zuten prozesu guztia. Lehen bileran, bakoitzak ez zekien zein zen aldamenean zegoena. Hori oso aberasgarria izan zen. Konfiantza espazioak sortu behar dira hitz egiteko: eroso sentitu behar duzu aldamenekoarekin.

Irati Goikoetxea eta Maria Jauregi. ANDONI CANELLADA / FOKU

Mina apalduz doa? Ikasten da horrekin bizitzen?
JAUREGI: Bizitzen ikasten da; mina hor dago beti. Hasieratik asko hitz egin dut amarekin, eta horrek lagundu nau. Beti dauzkazu halako momentuak, data hurbiltzen denean. Oroitzapenak datozkizu. Mina hor dago.

Irati, minari buruzko liburu bat da zurea. Esaldi hau jaso duzu: «Cuánto duele que ya no duela» (zenbat min ematen duen jada minik ez emateak).
GOIKOETXEA: Hor badago biktimaren memoria, ahanzturaren itotasuna. Inguruaz ari nintzen, batez ere: hor sartzen da memoriaren ahanztura. Gizartearen inplikazioaren garrantzia. Ni ez naiz biktima; Mariak eta biktimek hitz egin behar dute, eta guri dagokigu entzutea. Minari mingarri izaten utzi behar zaio; minak hitz egin behar du, hor jarraitu behar du. Zauria itxi dadila. Ezin ditugu biktimak sufritzen izan. Sufrimenduak hor egon behar du, kontua da nola asmatzen dugun, min horren inguruan zer jarrera hartzen dugun. Saiatu behar dugu min horiek ez areagotzen, eta ahanzturak, indiferentziak edo enpatia faltak min horiek areagotu ditzake. Biktimak oso abandonatuak izan ditugu, eta hala jarraitzen dute.

«Ezin ditugu biktimak sufritzen izan. Sufrimenduak hor egon behar du; kontua da nola asmatzen dugun, min horren inguruan zer jarrera hartzen dugun».

Irati Goikoetxea (idazlea)

JAUREGI: Beste faktore bat: hilketaren urtearen arabera, gizartearen jarrera ezberdina izan da. Gure kasuan, gizartearen zati handi baten elkartasuna sentitu dugu, baina 1980ko hamarkadako biktimek ez dut uste gauza bera pentsatuko dutenik.

Biktima batzuek justizia izan dute, baina gizartearen babesik ez. Beste batzuek izan dute bero hori, baina ez egiarik, ezta justiziarik ere. Ados? Aldatzen ari da hori?
JAUREGI: Gure kasuan, epaiketa bat egon zen; aita hil zutenak kartzela zigorra betetzen ari dira. Gainera, babes hori sentitu dugu gizartearen parte handi baten aldetik. Beste askok ez dakite zer gertatu den. Zauriak ez dira guztiz itxiko, baina itxiz joateko, edozein biktimak egia jakin behar du, eta justizia eduki; beharrezkoa da sendatuz joateko.

Irati, BERRIAn hau esan zenuen elkarrizketa batean: «Herriak biktimak maite behar ditu». Iruditzen zaizue bakoitzak soilik bere aldekoak maite izan dituela?
GOIKOETXEA: Niri oso gogorrak egiten zaizkit termino horiek: nireak eta zureak. Ez dakit hori maitasuna den; giza eskubideen urraketa larrien aurrean, batekiko maitasuna izatea eta bestearekiko maitasunik ez eta sarri mespretxua adieraztea... Hori oso gogorra egiten zait. Egoera konplexua da, baina, aldi berean, sinplea: giza eskubideen urraketa larri bat dago, eta horren aurrean, badagokigu gizarte gisa jarrera bat hartzea. Maitasun aktiboaz ari naiz. Baina haserre mendiak jarri ditugu aurretik, alderdikeria, interes politikoa... ideologia humanoa atzean eta ezkutuan utzita.
JAUREGI: Niretzat ere sinplea da. Etxean jasotako heziketaren barnean doa: etxean beti giza eskubideak jarri dira oinarrian, eta giza eskubide ororen urraketen aurrean jarrera bera hartu dugu. Herri hau maite baldin badugu, aurrera egin behar dugu, eta onartu den-denak ezberdinak garela. Denon artean ikasi behar dugu elkarrekin bizitzen. Garrantzitsua da enpatia.

«Herri hau maite baldin badugu, aurrera egin behar dugu, eta onartu den-denak ezberdinak garela».

Maria Jauregi (Juan Mari Jauregiren alaba)

Nola irudikatzen duzue herri hau hamar urte barru?
JAUREGI: Baikorra naiz. Aurrera egingo dugu; jarraituko dugu balioak landuz, enpatiaren bitartez, elkarri entzunez. Gutxi entzuten dugu. Eraikiko dugu herri hau, pertsona guztiak hartzen dituen herri bat eraikiz. Bidean goaz.
GOIKOETXEA: Ni ere baikor naiz, aktibotasunez; gauzak ez dira berez etorriko. Inaktibitate handia egon da, aktibatu behar dugu. Orain da momentua, denborari heldu behar diogu: gauzek aurrera egingo dute egiten badugu gauzek aurrera egin dezaten. Belaunaldi bat dator honen guztiaren oso kontziente izan behar duena.
JAUREGI: Belaunaldi horri ezin diogu ardura hori utzi. Erakundeen aldetik emateko dauden pauso asko eman behar dira.

Herriak ez du barkatuko (Elkar, 2021) argitaratu du Irati Goikoetxea Asurabarrenak (Beasain, Gipuzkoa, 1984), Igartza saria jaso eta gero. Indarkeriaren biktima baten istorioa du hizpide, ez alferrik: matematikaria ikasketaz, irakaslea ogibidez, Nafarroako Gobernuko Bizikidetza arloan ari da lanean. Hori baino gehiago ere bada: «Kirolzalea, saskibaloi jokalari ohia eta gaztetxotatik mendizalea, mendiari oso lotua; naturarekin bat egiteko aukera ematen digulako».
ETAk Juan Mari Jauregi aita hil zion 2000ko uztailaren 29an, baina biktimaren etiketatik ihes egiten du Maria Jauregi Lasak (Legorreta, Gipuzkoa, 1980); ez du gustuko: «Nik beti esaten dut biktima aita izan zela, ez ni». Horregatik, beste aldagai batzuk aipatzen ditu bere burua definitzean: «Ni Maria Jauregi naiz. Ingurumen Zientzietan lizentziaduna. Areto futboleko jokalari ohia. Realzalea. Lagunekin egotea asko gustatzen zait, bazkarietan-eta; gero eta gehiago, gainera».

Jatorrizko artikuluak