Mixel Labeguerie, euskal kantagintza berritzailearen aita

2021ean beteko zukeen mende bat Mixel Labegueriek, «kantugintza berriaren aita» erraten ziotenak. Musikariak iraultza ekarri zuen kantugintzara, bai erabili zituen hitz abertzaleengatik, baina baita melodietara ekarri berrikuntzengatik ere. Medikua, etnografoa eta politikaria ere izan zen.

Mixel Labeguerie euskaltzalea, musikaria eta politikaria izan zen (Uztaritze, Lapurdi, 1921 — Tolosa, Okzitania, 1980), medikua ikasketaz eta ogibidez. Euskaldun Gazteen Batasuna taldeko kide izan zen 1943tik aitzina, eta euskal kantuak biltzen hasi zen. Antzerkian ere jardun zuen, eta Piarres Larzabalen ezagutza egin zuen —haren hitz batzuk kantu bihurtuko zituen gero—. Euskaltzain urgazle ere izan zen.

1960ko hamarkadaren hasieran —ez da segurua noiz grabatu zituen, baina 1961. eta 1963. urteen artean izan omen zen—, bi disko ttipi grabatu zituen, launa kantarekin, gitarra soil bat lagun. Asmatutako hitzak zituzten horietako batzuek, baina herri kantak ere baziren tartean. Erreferentzia bihurtu zen Ez Dok Amairu-rentzat eta atzetik etorriko ziren musikari eta kantari askorentzat: euskal kantagintza berriaren aitzindaria, beste inork urratu gabeko bidea ireki zuena.

Kanboko alkate izan zen, eta diputatu eta senatari ere bai Parisen. 1963an, Enbata mugimendua sortzen lagundu zuen, baina aurki bazter batera egin zuen, eta Centre Democrate alderdiarekin bat egin zuen.


Diskografia

1- Labegueriren lau kanta 1. Urtea: 1961. Diskoetxea: Goiztiri. Kantuak: Aurtxo-aurtxoa, Primaderako liliak, Gudari eskualdunaren kantua eta Bakearen urtxoa.

2- Labegueriren lau kanta 2. Urtea: 1963. Diskoetxea: Goiztiri. Kantuak: Gazteri berria, Astoa balaan, Gatua pitxitxi eta Ezkilaren kantua.

3- Nafarra. Urtea: 1972. Diskoetxea: Azantza. Kantuak: Nafarra oi nafarra, Gau iluna eta Parisen eta Madrilen.


Bertsio berriak

BERRIAk eskatuta, Labeguerieren kantuen bertsioak plazaratu dituzte bost musikarik: Olatz Salvadorrek, Joseba Irazokik, Amaia Hiriartek, Jurgi Ekizak eta Pettik.

PETTIren Xorieri mintzo zen



Pettik estudioko zortzi disko ondu ditu bakarka, eta beste zenbait lan ere egin ditu: kolaborazioak, EPak eta elkarlanean grabatutako LPak. Manipulazio estrategiak izenekoa du orain arteko azkena (2020, *ZART), Harkaitz Canok prestatutako hitzekin egina. Lan horretan, doinu eta instrumentazio errepertorio zabalago batera eraman du bere ahots sakon eta urratua, baina Labeguerieren bertsio honetan blues erritmo batean errenditu du Xorieri mintzo zen.

Jurgi Ekizaren Aurtxo-aurtxoa


Willis Drummond taldeko abeslaria eta gitarrista da Jurgi Ekiza (Baiona, 1980), baina bakarka eta beste talde batzuekin ere aritua da.  Zugzwang da hirukotearen orain arteko lanik berriena (2019, Tabula Rasa). Era Batera taldeko kide ere bada Ekiza. Labegeriek 1961eko bere lehen diskoan eman zuen kantu bat moldatu du Ekizak: Aurtxo-aurtxoa.

Amaia Hiriarteren Elur egin du



Amaia Hiriartek (Tours, Frantzia, 1997)  biolontxelo ikasketak egin ditu, Hazparnen lehendabizi (Lapurdi), Baionako kontserbatorioan ondoren, eta, azkenik, 2017an, biolontxelo klasikoko diploma eskuratu zuen Fresnesen. Gaur egun, LagunArte konpainiak muntatutako Habia hari hirukotean parte hartzen du, kantari eta biolontxelo jotzaile gisa. Animalia naiz eta diskoa ateratzear da taldea.

Joseba Irazokiren Ezkilaren kantua



Gitarrista polifazetikoa izateaz gain, Joseba Irazokik (Bera, Nafarroa, 1974) erakutsi du eroso moldatzen dela hala konposizioan nola inprobisazioan. Haren azkeneko diskoak Joseba Irazoki eta Lagunak izenpean sinatu ditu: Joseba Irazoki eta Lagunak (2014) eta Zu al zara? (2018). Bestalde, 2017an, Bas(h)oan diskoa ondu zuen, Beñat eta Julen Axiarirekin elkarlanean. Irazokik Ezkilaren kantua moldatu du, Labegueriek 1963an argitaratu zuen bigarren disko laburrean  jasoa.

Olatz Salvadorren Gatua pitxitxi


Gaztea bezain emankorra da Olatz Salvadorren ibilbidea (Donostia, 1990). Skakeitan taldean hamarkada bat darama, teklatu eta sintetizadoreetan, eta badira zazpi urte bakarka kontzertuak ematen hasi zela. Bakarkako bide horren emaitza dira Zintzilik (Airaka, 2018) eta Aho uhal (Airaka, 2021). Hamabi kantu berri bildu ditu azkeneko disko horretan, Rozalen eta beste zenbait musikariren laguntzarekin. Bildumarako, Labeguerieren 1963ko diskoan jasotako kantu ezagun baten bertsioa egin du: Gatua pitxitxi.

Jatorrizko artikuluak