Monica Ojeda: «Lengoaia berez da ekintza gatazkatsua»

Eduki biolentoa duen literatura da Monica Ojeda idazlearena (Guayaquil, Ekuador, 1988), baina formaren bitartez baretua, dioenez. Badu haren obra narratibo eta lirikoak jomuga argi bat: indarkeria agertzea, hartaz hausnartu eta hura ulertu ahal izateko.

Hizkuntza estandarraz eta hortik kanpo geratzen diren aldaerez hitz egin izan duzu.

Idazten dugunok badakigu lengoaia mugikorra dela, ez dela fosil bat, eta hainbat ezaugarriren arabera aldatzen dela. Nire historiak eragina du nire lengoaiaren erabileran: ekuadortarra naiz, mestizoa, baina, gainera, migratzailea naiz, Espainian bizi naizelako. Lengoaiaren bi erabilera bizi ditut, bat-batean fusionatu direnak, eta, idazten jartzen naizenean lehia izaten dutenak. Saiatzen naiz idazkeran nire erabilera mantentzen, nire paisaiez hitz egiten duelako, nire mundu emozionalaz eta nire pentsatzeko moduaz. Erresistentzia lana da, beste leku batean bizitzen zaudenean hitzak ahaztu eta bertako moldera egokitzen hasten zarelako. 

Esan izan duzu hitzetan beldurra dagoela. 

Hitzek iruditeriak eta mundu emozionalak sortzen dituzte, eta, hortaz, terrorea ere sor dezakete. Idazle migratzaileengan, ohikoa da idazketa eraso eremu bihurtzeko beldurra. Nik ez dut nahi nire idazkera gerra toki izatea; baina bai gatazka gune, lengoaia berez baita ekintza gatazkatsua. Zaila da minik eta indarkeriarik gabeko eremu bihurtzea hitza.

Indarkeriak zeharkatzen du zure obra. Nola erabakitzen duzu zenbateraino erakutsiko duzun?

Edukiei dagokienez, nire istorioak oso biolentoak dira, egoera oso agresiboak sufritzen dituztenen ingurukoak. Baina idazteko modua erabat kontrakoa da. Idazkeran edertasuna ari naiz bilatzen etengabe, ez soilik edertasun estetikoa, baizik eta samurtasuna edo ontasuna, hitzak baretu dezan hein batean kontatzen dudanaren kolpea.

Indarkeriaren gaia obsesioz lantzen dut krudelak ez izateko modua delako. Krudeltasuna dago indarkeria alde batera uztean. Aurrez aurre ikusi beharko banu egoera, begiak itxiaraziko lizkidake, baina irakurtzean gehiago jasaten dugu, eta, tarte horri esker, enpatia garatzen dugu.

«Indarkeriaren gaia obsesioz lantzen dut krudelak ez izateko modua delako».

Monica Ojeda (Idazlea)

Historia de la leche poesia liburuan, erasotzailearen larruan jartzen zara.

Interesatzen zait nola ikasten duten biktima izandakoek bizi izandako biolentzia erreproduzitzen. Historia de la leche-n, ahots poetikoak bere ahizpa hil du. Inor hiltzeko gai izan den pertsona batekiko enpatia izatea: bahecloseGalbahe.
horretatik igaroko da sentsibilitate poetikoa. Ulertu nahi dut indarkeria nola sortzen den; konplexutasunetik, ez biktima eta biktimarioa egoera ontologikoak, aldaezinak balira bezala hartuta.

Indarkeriaren eta beldurraren transmisioa ere agerikoa da zure lanetan.

Beldurrezko eta terrorezko kultura narratiboa, zinematografikoa zein literarioa, eguneroko indarkeriez ari da funtsean. Andeetan badago Chuzalongo deituriko munstro bat: iratxo bat da, zakil erraldoia duena, eta oinak biratuta dauzkana. Izaki intzestu egilea da: emakume guztien semea da, baina bortxatu egiten ditu. Ezin daiteke ulertu Espainiaren kolonizazioaren testuingurutik kanpo. Jauntxo espainiarrek sasiko seme-alabak eduki zituzten indigenekin: Latinoamerikako jende gehiena mestizoak gara. Garai hartan, jendeak ez zekien ingurukoa bere senidea zen, eta horren beldur ziren: egoera oso edipikoa zen.

Gustatzen zait ulertzea narratiba horiek erantzun artikulatu bat direla, munduko kaos horri zentzua eta ordena emateko saiakerak, nahiz eta errealitatean beldurrak egiturarik ez duen. Uste dut seguruago sentitzen garela beldurrezko istorioak sortzen.

«Uste dut seguruago sentitzen garela beldurrezko istorioak sortzen».

Monica Ojeda (Idazlea)

Zure obran, horrorea etxeko eremuan gertatzen da sarritan. Horrek are asaldagarriagoa bihurtzen du indarkeria?

Bai, erabat. Segurtasun eremuan ezin bazara seguru egon, ezingo zara inon egon. Mugimendu batzuek —feministak, esaterako— desegin egin digute etxea eta familia segurtasun eremua diren ideia. Estatistiketan ikusten dugu: Ekuadorren eta Latinoamerikako herrialde gehienetan, eraildako emakume gehienak  etxean hiltzen ditu aitak, bikotekideak edo gertuko gizonen batek. Etxea toki biziki biolentoa da. Asaldagarria da, etxean maitasuna baino ez dagoen usteak lasaitzen gintuelako lehen, baina dagoeneko inork ez du horretan sinesten, batez ere emakumeek.

Jatorrizko artikuluak