Sinn Feinek lehendabizikoz irabazi ditu bozak Ipar Irlandan

Errepublikanoek 2017ko bozetako kopuru berari eutsi diote: 27 aulki. DUP alderdi unionista 25ekin geratu da, hiru galtzeraino. Biak elkarrekin gobernua osatzen saiatuko dira.

Ander Perez Zala BERRIAko kazetariak bertatik bertara jorratu ditu hauteskundeak.

Ipar Irlanda duela 101 urte sortu zenetik aurrenekoz, litekeena da uhartearen batasuna nahi duen lehen ministro bat egotea, Asanblearako hauteskundeak irabazi ondotik: Michelle O'Neill, Sinn Fein alderdiko presidenteordea. Errepublikanoek ganberako 90 eserlekuetatik 27 eskuratu dituzte, eta, gisa horretara, 2017ko bozetan lortutako legebiltzarkide kopuru berari eutsi diote. O'Neillek «batasunerako» deia egin zuen atzo; DUP Alderdi Demokratiko Unionistarekin, hots, boto gehien bildutako alderdietan bigarrenarekin osatu beharko baitu gobernua. 


Alderdi unionistentzat, oro har, emaitza txarra izan da: DUPek jaitsiera izan du, eta 25 legebiltzarkiderekin geratu da, azken bozetan baino hiru gutxiagorekin. UUP Ulsterko Alderdi Unionistak ere bat galdu du, bederatzirekin geratzeraino. Bestalde, inkestek aurreikusten zutenez, Aliantza Alderdiak gorakada izan du: hamazazpi eskuratu ditu errepublikanoen eta unionisten artean hirugarren bidea izan asmo duen alderdiak, aurrekoan baino bederatzi gehiago.

Gainerako alderdiei dagokienez, berriz, errepublikanismoaren aukera moderatuagoa izan ohi du SDLP Alderdi Sozial Demokrata Laboristak, eta kolpe handiagoa hartu du, zortzi eserleku baino ez baititu eskuratu, duela bost urte baino hiru gutxiago. Azkenik, Independenteak alderdiak bi aulki lortu ditu, eta bana eskuratu dute TUV Unionista Tradizionalek eta People Before Profit alderdiak.

Sinn Feinek jaso du boto gehien, alde handiz, gainera: %29 lortu ditu, 2017ko bozetan baino 1,1 puntu gehiago.

Lehenbiziko aukerako botoen artean, Sinn Feinek jaso du boto gehien, alde handiz, gainera: %29 lortu ditu, 2017ko bozetan baino 1,1 puntu gehiago; DUPek, berriz, jaitsiera nabarmena izan du, eta %21,3 eskuratu ditu, aurrekoan baino 6,7 puntu gutxiago; Aliantza Alderdiak gorakada nabarmena izan du: lehenbiziko aukerako botoen %13,5 jaso ditu, orain dela bost urte baino 4,5 puntu gehiago. Parte hartzea %63,61ekoa izan da; 2017ko bozetan %64,8koa izan zen.

Jatorrizko artikuluak